Mosaiko jariakorraren eredua
Mosaiko jariakorraren eredua zelula mintzaren egitura azaltzeko erabiltzen den eredua da, 1972. urtean S.J. Singer eta G.L. Nicolsonek proposatu zutena[1].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1895. urtean Ernest Overtonek zelula mintza lipidoz osaturik zegoeneko hipotesia aurkeztu zuen[2]. 1925ean Evert Gorter eta François Grendel herbeheretarrek globulu gorrietako mintzetako lipidoak isolatu zituzten[3]. 1935ean Hugh Davsonek eta James Daniellik proteinek ere egon behar zutela esan zuten, molekulen iragazkortasuna baimentzeko, baina aurkeztu zuten ereduan lipido geruza bat ezarri zuten eta alde banatan proteina geruzak. 1957. urtean J. David Robertsonek zelula mintzaren egitura bera organulutan ere bazegoela esan zuen[3].
1972. urtean SJ Singer eta GL Nicolson izan ziren mosaiko jariakorraren eredua azaldu zutenak, mikroskopio elektronikoaren garapena, elkarreragin hidrofiloen ikerketak, hidrogeno zubien aurkikuntzak eta hainbat teknika berri(kriohaustura, kontraste negatiboa...) erabiliz.
Ereduaren deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osagaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egitura kimikoari dagokionez zelula mintzak lau molekula mota ditu: fosfolipidoak, proteinak, karbohidratoak eta kolesterola.
Fosfolipidoen bi geruzak osatzen dute zelula mintzaren oinarria. Fosfolipidoak molekula anfipatikoak direnez buru hidrofiloa mintzaren kanpoaderantz orientaturik daukate, urarekin harremantzen direlarik, eta buztan hidrofoboak aldiz mintzaren barnealderantz. Ez dira mintzean dauden lipido molekula bakarrak, fosfolipidoen artean glukolipidoak eta kolesterol molekulak tartekatzen baitira[4].
Lipidozko mintz honetan proteinak tartekatzen dira, zelula motaren arabera eta mintzak daukan jardueraren arabera kopuru handiagotan edo txikiagotan agertzen direnak. Proteina hauetako batzuek glikoproteinak dira. Bi proteina mota aurkitzen dira[4]:
- Mintzeko proteina integralak edo intrinsekoak: Mintzean dauden proteina guztien %80a osatzen dute eta izenak dioen bezala mintzaren barnean integraturik daude. Batzuek mintza alderik alde zeharkatzen dute, transmintzeko proteinak dira. Proteina hauek isolatzeko zelula mintza hautsi beharra dago, izan ere lotura kobalenteak eratzen baitituzte lipidoekin.
- Mintzeko proteina periferikoak edo estrinsekoak: Geruza bikoitzaren kanpoaldean daude eta proteina guztien %20a osatzen dute. Hauen mutur molekularrak elkarreragina dauka fosfolipidoen alde polarrarekin. Mintzaren azalera zitoplasmatikoan egoten dira eta transmintzeko proteinetara lotuta daude. Lotura ahulak eratzen dituztenez zelula mintza hautsi gabe isola daitezke.
Asimetria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zelula mintzak bi geruza ditu eta ez dira beren artean berdinak, honek mintza asimetriko bihurtzen du. Zelularen kanpoaldeko geruzan glukolipidoak eta glukoproteinak kokatzen dira eta hauen karbono hidratozko kateek glikokaliza eratzen dute. Glikokalizak zelula mintza babesten du eta immunitate-sistemarentzako beharrezkoak da zelulen izaera identifikatzeko. Zelularen barnealderantz begira kokaturik dagoen lipido geruzan proteina periferikoak ugariak dira, zitoeskeletoari lotzen zaizkionak[5].
Jariakortasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fosfolipidoek alboetarantz barreiatuz mugitzeko ahalmena dute eta errotazio mugimendua ere badute[6]. Mugikortasuna hainbat faktoreren menpe dago; tenperatura, fosfolipidoen kate hidrofobikoen asegabetasun maila eta kolesterolaren kontzentrazioa.
Lipidoen artean nanometro gutxitako lipido baltsak aurkitzen dira, bereziki trinkoak direnak eta gainerako lipidoen artean mugitzen direnak baltsa bat uretan bailitzan[5].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Singer, S. J.; Nicolson, Garth L.. (1972-02-18). «The Fluid Mosaic Model of the Structure of Cell Membranes» Science 175 (4023): 720–731. doi: . ISSN 0036-8075. PMID 4333397. (Noiz kontsultatua: 2020-01-12).
- ↑ Kleinzeller, Arnost. (1997-02-01). «Ernest Overton's Contribution to the Cell Membrane Concept: A Centennial Appreciation» Physiology 12 (1): 49–53. doi: . ISSN 1548-9213. (Noiz kontsultatua: 2020-01-12).
- ↑ a b (Ingelesez) Cooper, Geoffrey M.. (2000). «Structure of the Plasma Membrane» The Cell: A Molecular Approach. 2nd edition (Noiz kontsultatua: 2020-01-12).
- ↑ a b «Mintza eta zitoplasma - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-12).
- ↑ a b Nicolson, Garth L.. (2014-06-01). «The Fluid—Mosaic Model of Membrane Structure: Still relevant to understanding the structure, function and dynamics of biological membranes after more than 40years» Biochimica et Biophysica Acta (BBA) - Biomembranes 1838 (6): 1451–1466. doi: . ISSN 0005-2736. (Noiz kontsultatua: 2020-01-12).
- ↑ Alberts B, Johnson A, Lewis J, et al. (2008). Molecular Biology of the Cell (5th ed.). New York: Garland Science., 621–622 or. ISBN 978-0-8153-4105-5..